Harkaitz Cano


ZORRAK

Medikuen arabera, kaltzioa falta zaizu hezurretan
eta zaharren gaixotasuna irizten diozu
azaldu berri dizutenari.
«Zaharrena eta emakumeena» arduratu da zehazteaz
ezker belarriaren parean bizi zaizun
kontzientzia.
Emakumearenak grazia egiten dizu, egia esan
ez litzaizuke batere axola izango
hurrengo bizitza batean emakume jaiotzea:
boterea izateko era bihurri bat da
aldakuntza oro, aurrez zinenaren memoria zati bat
gordetzen jakinez gero. Baina zahartzearena?
Hori ere onartzen hasteko sasoian zaude.
Dena denbora kontua da edo denbora
faltarena.
Hamabost urte bete zenituenean lagun batek
oparitutako diskoa jarri duzu tokatan;
bost minutu ere ezin duzu jasan
musika hori. Atean jo dute, gosekilen bat,
«Otsaila zor didazu»
esaldi hori, heriotza denborak baino lehen
topatu duen gizajoren baten kexua dateke
bigarren instantzia zerutar batean.
Otsaila, hilabeterik krudelena.
Bururatu zaizu erantzun bat ugazabarentzat,
«arrazoi erlijiosoak medio, axola al zaizu otsailaz
ahaztuko bagina, bi martxo
zor izango nizkizuke hartara».
Isilik geratzen zara hala ere
ate irekiak nekez eusten zaitu, «Otsaila zor didazu»
entzun duzu berriro.

Senti zenezake, bai horixe,
Otsaila
badu ja bere izena
zure hezurretan bizi den izainak.
118 Total read